Aurrekariak
Arartekoak, pertsonen eskubideak defendatzeko lanen barruan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipio konstituzionala (EK 14. artikulua) betetzen dela ziurtatu eta babesteko eginkizuna du. Horretarako, euskal agintari publiko guztiei eskatzen die beharrezko neurriak har ditzatela, berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren printzipio hori, ikuspegi formaletik harago, benetakoa eta eraginkorra bihur dadin, horretarako helburu hori zailtzen duten oztopoak era aktiboan baztertuz (EK 9.2 artikulua).
Berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren eskubidean egiten den edozein urraketari dagokionez euskal herri-administrazioen jarduerak edo jarduera-faltak kontrolatzea da, funtsean, Arartekoak berdintasunaren arloan duen funtzioa, bai ikuspegi formaletik, bai ikuspegi materialetik. Eremu horretan, geroz eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da administrazio desberdinei berdintasun materiala lortzeko ekintza positiboak martxan jartzeko eskatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren 4/2005 Legeak eta emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoak ezarritako parametroen arabera, lehen aipatutako aurreikuspen konstituzionalak garatuz.
Genero-indarkeria emakumeen giza eskubideen kontrako atentatu larria da eta, horren oinarrian, gizonen eta emakumeen arteko egiturazko desberdintasuna dago, baita balio sexisten sistema bat nagusitzea ere. Hala, arlo honetako eginkizunen artean, lehentasuna daukate genero-indarkeria ezabatzeko borrokak eta ahaleginak.
Arlo honetako jardueran proiektatzen dira, era berean, emakumeen herritartasun oso eta aktiboaren eta protagonismo sozialaren alde egiten duten ekimen desberdinen sustapen eta bultzada, oraindik emakumeak gizonen aldean gutxiesten dituzten inertzia kultural eta sozialen aurrean.
1. Kexarik aipagarrienak
1.1. Herri-administrazioek emakumeekiko inklusiboa ez den hizkuntza erabiltzea
Arartekoak 2016an bi kexa-espediente izapidetu ditu herri-administrazioak hizkera sexista erabili izanagatik eta hori emakumeekiko inklusiboa ez zelako. Eragindako administrazioek –Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak– irregulartasunak zuzendu dituzte kasu bietan. Beraz, gai horiek ebatzita edo ebazteko bidean gelditu dira erakunde honen esku-hartzearen ondoren. Hori dela eta, ondorioztatu du salatutako irregulartasuna behar bezala konpondua izan dela.
Kasu horietako bat Osakidetzaren zenbait formulariok osatu zuten, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakootsailaren 18ko 4/2005 Legeanezarritako oinarrietara moldatu gabe baitzeuden. Izan ere, lege horren xedea euskal administrazioek hizkuntzaren erabilera ez sexista egitea da eta aipatutako formularioak Osakidetzako erabiltzaile guztiei maskulinoaren forma erabilita zuzentzen zitzaizkien. Gure esku-hartzearen ondorioz, Osakidetzak ospitale eta anbulatorioetan erabili ohi diren formulario guztiak berrikusi ditu eta moldatu gabeko bost formulario antzeman ditu (ospitalean sartzeari, larrialdietako laguntzari, ospitaleratzeari eta etxeko ospitaleratzeari buruzko ziurtagiriak eta ebakuntzaren egiaztagiria) eta horiek 2017ko otsailerako moldatzeko konpromisoa hartu du.
Arazo berbera islatzen zuen beste gai bat, Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailaren web orri bati zegokion, justiziako langileen (abokatuak, prokuradoreak, etab.) dagoen JustiziaSip izeneko orriari hain zuzen ere. Gure esku-hartzeari lotuta, aipatutako Eusko Jaurlaritzaren sailak adierazi du dagoeneko berrikusketa lanei ekin diela eta era berean, orrialde hori aurki hizkera ez sexistara eta berariaz emakumeekiko inklusiboa izango den hizkerara moldatzeko konpromisoa hartu du.
Kasu bietan, erakunde honek eragindako herri-administrazioei jakinarazi die Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera euskal herri-administrazio guztiek dutela genero ikuspegia beren jarduera guztietan gauzatzeko betebeharra. Hain zuzen ere, aipatutako lege horren II. tituluan berariaz jaso dira euskal herri-administrazioen eta aginteen jardunean genero ikuspegia integratzeko neurri batzuk. Hala, aipatutako II. tituluaren IV. kapituluaren barruan, 18. artikuluak 4. Idatz zatian berariaz aipatu du honako hau: euskal herri-aginteek “ez dute hizkera sexista erabiliko, ez zuzenean, ez beste pertsona edo erakunde batzuen bitartez sortzen dituzten dokumentuetan eta euskarrietan”. Gainera, Europa eta nazioarte mailako zenbait tresnek ere erreferentzia egin diote gai horri eta nazio mailako agintariei eskatu diete estrategiak martxan jar ditzatela, hizkera inklusiboa eta ez-baztertzailea erabiltzea lortzeko bidean. Horien artean, hurrengoak dira azpimarragarri: Europar Kontseiluaren Ministro Batzordearen R(90)4 Gomendioa, hizkuntzan sexismoa kentzeari buruzkoa eta berriagoa denEuropako Kontseiluaren Ministroen Batzordearen CM/Rec(2007)17 Gomendioa, berdintasun arauei eta mekanismoei buruzkoa.
Bestalde, Arartekoak gai horien harira aukera izan du azpimarratzeko aipatutako tresna juridikoetatik eratorritako lege-betebeharretik harago eta herri administrazio guztietan onartutako hizkuntzaren erabilerari buruzko orientazioak kontuan hartuz, Eusko Jaurlaritza eredugarria izan behar dela eta eremu honetan buru izan behar duela. Bi arrazoi horiengatik, ezin da onartu dokumentuetan edo euskarrietan bi sexuak barne hartzen dituen hizkuntza erabiltzeko jarraibideak ez betetzea; izan ere, jarraibide horiek zabalki onartuta daude.
1.2. Aurrerapenak Irungo 2016ko jaietarako karteletan, alardean parte hartzen duten emakumeak ikusarazteari lotuta
Emakumeek alardeetan parte-hartzearen gaiari lotuta, aurten Arartekoak konpromiso aktiboa hartu du, erakundeen eta gai horrek eragindako sektoreen arteko elkarlana eta elkarrizketaren bidez, jai guneetan emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko helbururako bidean aurrera egiteko. Jarduera horiei erreferentzia egingo diegu aurrerago. Hori bai, kexa edo kontsulta espedienteei dagokienez, 2016an ez dugu gai horri lotutako salaketa edo kexarik jaso, aurreko urteetan gertatu ez bezala.
Horri dagokionez azpimarratu beharreko bakarra Irungo Udalak publiko egindako komunikazio bat da. Horren bidez, adierazi da herriko jaiak iragartzeko kartela aukeratzeko mekanismoa aldatu egingo dela berriro ere; hala, aurre-fase bat ezarriko da, eta bertan, batzorde artistiko batek aurre-aukeraketa bat egingo du, gerora herritarrek kartelik onena aukeratzeko bozkatuko dituzten lanak aurre-hautatzeko. Horren bidez, ziurtatu nahi da aukeratutako kartelak ez duela inoren eskubiderik urratuko edo ez duela emakumeak baztertu edo albo batera uzten dituen edukirik izango, erakunde honek herritar batek egindako kontsultari emandako erantzunean antzeman zuen bezala.
Aurreko urteetan (2014 eta 2015) Irungo Udalak jaiak iragartzeko kartelak aukeratzeko prozedura herritarren bozka zuzenez egin ohi zuen, inolako filtrorik ezarri gabe. Horren ondorioz, emakumeek alardean parte-hartzen zutela ikusarazten ez zuten kartelak aukeratu izan dira, 2015. urtekoa adibidez. Bertan, gizonek baino osatzen ez zuten konpainia bat ageri zen eta karteleko emakume bakarra une horri argazkia ateratzen ari zen. Beraz, kartel horretan parekidea ez den alardea erakusten zen soilik eta ondorioz, ez ziren ikusarazten urtero herri horretan berdintasunaren izenean alarde mistoan parte hartu ohi duten emakume asko.
Arrazoi hori dela eta erakunde honetara jo zuen herritarra berriro ere zuzendu zaigu eta adierazi digu asko pozten dela Arartekoak emandako ebazpenak udalak aintzat hartu beharreko zenbait irizpide ezarri zituelako, kartelak aukeratzeko prozedura erabakitzerako orduan eta udalak 2016an irizpide horiei jaramon egin dielako. Horrek aldaketa eragin du kartelak aukeratzeko prozeduran eta adierazi da, -erakunde honek azpimarratu bezala- alde batetik, aukeratutako kartelek genero ikuspegia aintzat hartu behar dutela eta, ondorioz, emakumeek Irungo jaietan duten parte-hartzea ikusarazi behar dutela. Bestalde, modu horretan ekidin egin nahi da kartel irabazleek eskubideak urratzea edo delitu-ekintzak egin edo bultzatzea.
1.3. Udalek papera kultur elkarteetan berdintasunaren printzipioa sustatzeari dagokionez: diru-laguntzak ukatzea emakumeen sarrera eta parte-hartzea berdintasunez bermatzen ez duten elkarte gastronomikoei
2016an erakunde honek ebazpen bat eman du udalen papera argitze aldera, emakumeen sarrera debekatu edo presentzia mugatzen duten elkarte gastronomiko edo bestelako erakunde pribatuetan emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeari dagokionez. Arartekoaren2016ko urtarrilaren 27ko Ebazpenada. Horren bidez, Tolosako Udalari gomendatu zaio ez diezaiela eman, edo, eman badie, ken diezaiela udalerri horretako elkarte gastronomikoei edozein diru-laguntza zein laguntza publiko, onarpen prozesuan, funtzionamenduan edota jardueretan emakumeen sarbidea baldintza beretan onartzen ez badute, eta, era berean, susta ditzala genero estereotipoak deuseztatzeko neurriak, baita ekintza positibokoak ere, espazio horietan emakumeek jasaten duten bereizkeria zuzentzea lortzeko xedez.
Arartekoaren ebazpen horrek berariaz aipatu du dimentsio juridiko bikoitza duen gai horri buruzko doktrina. Izan ere, alde batetik arlo pribatuari eragiten dio, elkartearen eskubidea osatzen den aldetik –eta botere publikoek ez dute berez hor sartu beharrik– eta bestetik, arlo publikoari ere bai. Azken horri dagokionez, gure araubide juridikoak gaitzetsi egin du babes publikoa ematea, dela babes ekonomikoa edo juridikoa, sexu arrazoiengatik bazterketa egiten duten jarduera edo elkarteei. Era berean, herri-administrazio guztiak behartu egiten ditu (udalak barne) kulturaren arloan benetako berdintasun eraginkorra lortzeko bidean eragingo duten ekimen eta neurri positiboak sustatzera.
1.4. Emakunderi igorri zaizkion kexa-espedienteak
Azkenean, aipatu beharra dago 2016an, aurreko urteetan gertatu bezala, Arartekoak lankidetza izan duela Emakunderekin, erakunde biek 2008ko maiatzaren 21ean sinatu zuten Lankidetza Akordioaren baitan. Horren bidez, kexak erakunde batetik bestera bideratzen dira, erakunde bien gogoetarako aurkeztu diren gaiek helmen juridiko-pribatua edo publikoa dutenaren arabera.
Hala, Emakundetik esparru publikoan emakumeen eta gizonen berdintasunari lotuta igorri dizkiguten kexez gain, Arartekoan zenbait kexa jaso ditugu, arlo pribatuari lotuta zeudenez, erakunde honen eskumen-esparrutik kanpo gelditzen direnak eta Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunaren otsailaren 18ko 4/2005 Legearen VIII Kapituluaren III Tituluan xedatutakoaren baitan sartzen direnak. Horregatik, kexa horiek Emakunderi birbideratu dizkiogu, bertan izapidetu ditzaten. Kexa horien gaia batez ere lan munduan sexu arrazoiengatik bazterkeria gertatu izanari dagozkio, bai eta komunikabide pribatuetan emakumearen preterizioa edo objektualizazioa bultzatzen duten edo genero estereotipoak sustatzen dituzten iragarkiak antzeman direlako.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Europar Batzordearen Estrategia genero berdintasunerako, 2016-2019
2016an indarrean sartu da Genero Berdintasunerako Europar Estrategia 2016-2019. Horren bidez, Europar Batzordearen lan-markoa ezarri da hurrengo hilabeteetan alor horretarako. Estrategia horrek bost alor nagusi jorratuko ditu, Europako jendarteek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez momentu honetan bizi dituzten lehentasunen arabera; hala, ezarri dituen oinarriak euskal jendarteari ere zuzenduko zaizkio, berdintasunaren alorrean lehentasunezko jarduerak eta helburuak ezartzeko orduan. Hala, lehenengo xedea emakumeek lan-munduan duten parte-hartzea areagotzea izango da, independentzia ekonomikoari dagokionean ere genero berdintasuna bultzatzearekin batera; emakumeen diru-sarrera eta pentsioei dagokien aldea txikitzea gizonenarekiko, horren bidez emakumeen artean pobrezia handiagoari aurre eginez; erabakiak hartzerakoan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea; genero indarkeriari aurre egitea eta biktimak babestea eta, azkenik, genero berdintasuna eta emakumeen eskubideak sustatzea munduko beste lekuetan ere.
Estrategia horrek zehaztu egin ditu datozen urteetan Europar Batasunetik genero berdintasuna lortzeko martxan jarriko diren jarduera ezberdinak; modu horretan, Europar Batasunak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa indartu egin da, politika eta jarduera guztiei dagokienez. Era berean, jarduera horiek Europa Estrategia 2020aren genero ikuspegiaren baitan kokatu dira.
Arartekoak uste du Euskadin emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean bat egin behar dutela aipatutako Europako lehentasunezko helburuekin. Horregatik, esparru horretako eskubideen balorazioei dagokien atalean, azpimarratu nahi izan dugu garrantzitsua dela lehentasun horien bidean aurrera pausuak ematea.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren eta organismo autonomoen emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako lehenengo plana
Eusko Jaurlaritzak 2016ko irailaren 6an onartu egin du administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako emakume eta gizonen arteko berdintasunerako plana. Plan hori 4 urtez egongo da indarrean eta hasiera batean berdintasunaren ikuspuntutik egoeraren diagnosia egin da, administrazio orokorrean eta organismo autonomoetan lan egiten duten ia 7.000 pertsonaren ezaugarriak aztertu dira, antzemandako ezberdintasun egoerari aurre egiteko asmoz Eusko Jaurlaritzak martxan jarriko dituen jarduteko 6 ildo nagusi eta 26 neurri zehatz ezartzeko. Ondorio nagusien artean, azpimarratu da, lan-taldearen gehiengoa emakumeek osatzen dutela, baina, hala ere, gizonek baino lan-ezegonkortasun handiagoa bizi dutela eta %87,17an emakumeak direla lana eta adingabekoen edo familiako kideen zainketa bateragarri egiteko neurriak eskatu ohi dituztenak. Hala, gizonen eta emakumeen soldaten artean ia %8,5eko aldea dago, baina bazterkeria hori ez da zuzenean gertatzen, izan ere, horretarako arrazoia da emakumeek maila eta soldata baxuagoko postuak bete ohi dituztela, zainketa lanekin bateragarri egin ahal izateko. Ezberdintasuna murrizteko proposatutako neurrien artean, azpimarratu beharra dago Arartekoaren iritziz jarraian aipatuko diren neurriek garrantzia berezia dutela, plan hori indarrean egongo den urteetan garatuko direlako:
• Hautaketa, sarbide eta aurreikuspen prozesuekin lotutako dokumentazioa berrikustea, berdintasunaren alorrean indarrean dagoen araubidea betetzea sistematizatzeko helburuarekin (berdinketa hausteko klausulak, ordezkapen orekatua, gaitegietan berdintasunari lotutako gaiak sartzea, haurdunaldia eta erditzea hautaketa prozesuetan).
• Bateragarritasuna sustatzeko neurriak hartzeak karrera profesionalean duen eragina ikertzea, lanaldi murriztuarekin dauden langileak ez ordezkatzeak edo udaran eszedentziak eskatzeak gainerako lankideengan eraginik izan ez dezan eta murrizketa egoeraren gainean dagoen presioa ekidin dadin.
• Generoaren ondoriozko soldata aldeari eragiten dioten faktoreetan sakontzea eta hori zuzentzeko neurriak proposatzea.
• Erantzukizunaren banaketa sustatzea, langileen beharrei hobeto moldatuz eta amatasun eta aitatasun baimenak berdintzeak duen eragin ekonomikoa aztertzea, iraupen berbera izan dezaten eta besterenezinak izan daitezen.
• Jazarpen sexuala eta sexu arrazoiagatiko jazarpena gertatzen den egoeren aurrean jarduteko berariazko protokolo berria eratzea.
• Genero indarkeria edo sexu jazarpena edo sexu arrazoiengatiko jazarpena jasan duten emakumeek dituzten eskubideak eta eskura dituzten baliabideak zabaltzea, babes neurriak ezartzeko eta biktimen lan-baldintzek okerrera egin ez dezaten.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Jarraian, arlo honetan burutu ditugun jarduera garrantzitsuenak azalduko ditugu. Hain zuzen, agerian jarriko dugu zeintzuk izan diren Ararteko erakundearentzat arreta-gune nagusiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan:
3.1 Bilerak elkarteekin
Emakumeek alardeetan parte hartzea defendatzen duten kolektiboak
Azpimarratu behar dugu, aurreko urteetan bezala, Arartekoan zenbait bilera egin dituela, emakumeek alardeetan parte hartzea defendatzen duten taldeekin, Irunen eta Hondarribian arrazoi horrengatik bizi duten gatazkaren inguruan hitz egiteko. Bilera horietan kolektibo horiekin urtero alardearen baitan gertatzen diren erakundeen esku-hartzeekin lotutako alderdi zehatzak alderatu ditugu, bai eta estrategikoagoak diren gaiak ere, emakumeak alarde bietan erabat sartzeko bidean aurrera egiteko beharrezkoa den gizartearen eta erakundeen laguntza lortzeko. Gainera, urte osoan zehar, erakunde honetatik etengabeko harremana eduki dugu kolektibo horiekin, beraien kezkak jasotzeko eta informazioa, babesa eta orientazioa eskaintzeko.
Arartekoak gai horren inguruan adierazpenak egin dituen aldiro adierazi du, lanean jarraitzeko eta bere esku dauden bitarteko guztiak erabiltzeko konpromiso irmoa duela, Irun eta Hondarribiko jaietan elkarbizitza demokratikoa eta gizon zein emakumeen arteko integrazio berdintsurako bidean.
3.2. Bilerak administrazio eta erakundeekin
Arlo horretan eragina duten esparruetan funtzioak dituzten herri-administrazioekin egindako bileretatik hauek azpimarratu nahi ditugu:
Erakundeen arteko lankidetza Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin alardeetan emakumeen berdintasuna defendatzeko
2016an zehar Arartekoak indartu egin du 2013an abiarazi zuen lanerako konpromisoa, Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Irun eta Hondarribiko alardeetan emakumeek berdintasunez parte-hartzearen ondorioz sustatutako erakundeen arteko espazioan. Besteak beste, esparru horretatik eragindako bi udalekin elkarrizketa egitea edozein lankidetza instituzionalerako oinarri gisa sustatu da, edo gai horrek eragiten dien bestelako kolektibo edota sektoreren arteko lankidetzarako oinarri gisa. Bestalde, espezializatutako esku-hartze prozesua ere bultzatzen ari gara, eragindako erakunde eta eragile sozial ezberdinen artean, herri bietan, gatazka horiei konponbidea emateko espazioak irekitze-aldera.
Arartekoak konpromiso irmoa du erakundeen arteko elkarlanarekin eta espazio horren baitan maiztasunez bilerak egitearekin, dagoeneko hiru urtez gauzatu den Emakunde eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlan jarraitu eta egonkorraren baitan. Lankidetza horren helburua erakundeen arteko aliantza bat erdiestea da, aurrera pausuak ekarriko dituena gai horretan, hau da, Irungo eta Hondarribiko alardeetan emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatzean.
Erakunde honen ustez emakumeen berdintasunerako eskubidea eta printzipioa argi eta garbi zalantzan jartzen duen gatazka batek irauteak zinez oztopatzen eta ahultzen du gure sistema demokratikoa, eta euskal botere publikoek erabakitasunez heldu behar diote, pertsonen eskubideei zalantzarik gabeko babesa emanez. Arrazoi horregatik, Arartekoak aurrera egin du aipatutako erakundeekin estrategia bateratuak eginez, alardeen gatazka bideratzeko bide posibleak jorratzeko akordio sozial eta instituzional zabalak bultzatzeko bidean. Sortutako erakundeen arteko espaziotik, uste dugu beharrezkoa dela esku-hartze profesional eta parte-hartzaile ezberdinak babestea, Irunen eta Hondarribian eztabaida eta elkarrizketa sozialerako guneak sortzeko.
Ararteko erakundeak Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean parte hartzea
Aurreko txostenetan dagoeneko jaso dugunez, 2011. urtetik Ararteko erakundeak Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean parte hartzen du —bai batzordean bai erakundeen arteko talde teknikoan—, gure erakundearen ikuspuntua emateko helburuarekin, genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeei zuzendutako jardun publikoen osotasunean sor daitezkeen hutsuneak edo arazoak agerian jartzeko eta horiek hobetzeko proposamenak egiteko.
2016. urtean Ararteko erakundeak batzorde horren eta bertan sortutako erakundeen arteko talde teknikoaren zenbait bileratan hartu du parte. Zenbait lan-bileratan, gure ikuspuntua eman dugu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen arretaren inguruan landuz joan diren zenbait alderdiren inguruan. Aurten akordio hori osatzen duten erakundeen artean adostutako lehentasunen gainean egin da lan. Zehazki, aurretik hasita zegoen lanari jarraipena eman zaio, adingabekoei arreta genero indarkeriaren biktimen seme-alabei, emateari dagokionez; hala, esku-hartze publiko koordinatua egiteko irizpideak eta jarduteko bideak garatu dira, indarkeria hori jasan duten biktimak diren aldetik. Era berean, funtzio aniztasuna duten emakumeek jasandako genero indarkeriaren berezitasunak ezagutzeko eta hedatzeko lan egin da.
Bestalde, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko irizpide komunak ezartzeko prozesu bat abiatu da, azken finean emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta emateko nazioarteko kalitate estandarrak ezartzera bideratuta dagoena. Emakunde da prozesu horren buru Euskadin eta lanketa hori NBEren zenbait agentziarekin egindako koordinazio-lanaren baitan kokatu behar da, tartean Nazio Batuen Biztanleria Funtsa eta NBE Emakumeak. Horren helburua indarkeria jasan duten emakumeei arreta emateko gutxieneko estandarrak zeintzuk izan behar duten zehaztuko duen mundu mailako akordio batera iristea da. Horretarako, Euskadin genero indarkeriaren aurkako akordioan parte hartu duten pertsona eta erakundeen babesa du eta bereziki, erakundeen arteko lan talde teknikoarena, Arartekoaren parte-hartzea ere baduena. Hala, prozesu horren markoan, Arartekoan 2016an lankidetza estua hasi du Emakunderekin, erakundeen arteko lan talde teknikoaren baitan, eta 2017an ere jarraituko du. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako lehentasunak, besteak beste, gobernantza hobetzea, balioen aldaketan aurrera egitea, emakumeen jabekuntza eta autonomia bultzatzea eta jendartearen sentsibilizazioa handitzea izango lirateke. Programa horrek Euskadiri aukera eman dio emakumeen aurkako indarkeriari buruzko nazioarteko agindu zehatzak tresna bihurtzeko.
3.3. Beste jarduera batzuk: jardunaldiak, foroak, zenbait ekitalditan parte hartzea
Foroak eta jardunaldiak
Aipatu behar dugu, Emakundek eta Arartekoak 2016ko azaroanemakume eta adingabeak sexurako salerosteagaiari buruzko jardunaldi bat antolatu zutela. Aipatutako jardunaldian, alor horretan ospe eta ibilbide handia duten adituek parte hartu zuten, honako alor hauetako adituek, alegia: akademikoa, estatuko nahiz nazioarteko judizialekoa eta hirugarren sektorekoak; horiez gain, biktima horiei arreta zuzena ematen dieten gobernuz kanpoko erakundeen (GKE) laguntza jaso zen. Jardunaldian, sexu-ustiapeneko helburuak dituzten emakume eta adingabeen salerosketa-arazoa luze eta zabal jorratu zen ikuspegi juridiko, soziologiko eta biktimekin egindako esku-hartzearen ikuspegi batetik. Jorratutako gaien xehetasun handiagorako, jardunaldi horretan azaldutako hitzaldiak kontsulta daitezke.
Gainera, Arartekoak arlo horretako lanari eragiten dioten gaiei buruzko beste erakunde batzuetan ere parte hartu du, eta haien artean ondorengoak nabarmendu behar ditugu:genero-indarkeriako delituen justizia konpontzaileari buruzkomintegi batean parte hartzea, 2016ko maiatzean egin zena Oñatiko Soziologia Juridikoko Euskal Institutuan UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak eta Bitartekaritzarako Europako Magistratuen Taldeak (GEMME) antolatuta; eta UPV/EHUren Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoko saioetan parte hartzea, egoitza UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatean izanik.
Adierazpen instituzionalak eta jakinarazpen publikoak
Bestalde, Arartekoak 2016an zenbait adierazpen instituzional egin ditu nazioarteko ekitaldi batzuk direla bide, eta adierazpen horiek emakumeen eskubideen urratzea desagerrarazteko lan egiteko beharra azpimarratzen duten gertaerak oroitzen dituzte. Aipatutako ekitaldi horiek honako hauek dira:
• Emakumeen genitalen mutilazioaren kontra inolako tolerantziarik ez izateko nazioarteko eguna (otsailak 6);
• Emakumeen nazioarteko eguna (martxoak 8); eta
• Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna (azaroak 25).
Azken egun hori dela-eta, Arartekoak gizartearengana jo zuen prentsan ondorengo tituluarekin argitaratutako artikulu baten bidez: “Emakumeen aurkako indarkeria; eteten ez den patriarkatua”; artikulu horren bidez, emakumeen oinarrizko giza eskubideen urratze sistematikoa irmo salatzen zen, bizitzeko eskubidea esate baterako eta osotasun fisiko eta morala, duintasuna, kontzientzia- eta adierazpen-askatasuna, eta nortasuna bera garatzeko eskubidea. Urratze sistematiko hori gure gizarte garaikideetan egiten da genero-indarkeria moduan ezagutzen dugun krimen matxista horien bidez; haien arrazoi nagusiak dira, alde batetik, emakumeek jasaten duten egiturazko desberdintasuna, eta bestetik, ideologia patriarkalaren kultur errotze sakon eta boteretsua, ondorengoa defendatzen duena: botere publikoek eta gizarte osoak desagerrarazten saiatu behar diren balioak.
Gainera, Arartekoak bi jakinarazpen egin ditu Irungo eta Hondarribiko alardeak ospatzen direla-eta ekainaren 30ean (Irun) eta irailaren 8an (Hondarribia), hurrenez hurren; bi kasuetan azpimarratu du bizikidetzaren mesedetan elkarrekin bidea egiteko funtsezko eragile moduan tokiko agintarien parte hartzea errazteko lan egiteko konpromisoa hartzen duela, pertsona guztien eskubideak errespetatuz, bereizkeriarik gabe.
Gainera, aurreko urteetan egin duen moduan, Arartekoak 2016ko udan berriz ere gogoratu du zer garrantzitsua den jaiak errespetuz bizitzea,Ez ezetz dakanpainaren bitartez, sexu-erasorik gabeko jai batzuen alde.
Azkenik, 2016rako Haurren eta Nerabeen Bulegoko txostenean xehetasun handiagoarekin jasotzen denez ere, Arartekoko Parte Hartzeko Kontseiluko neska-mutilek, ikasturtean zehar, “Berdintasuna harremanetan – la relación es cosa de dos” izeneko bideo bat egin dute harreman afektiboei buruzko beraien lanaren ondorio gisa. Haren bidez, gazteen arteko harremanen arteko desberdintasunari aurre egin nahi zaio.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Emakumeak lan- eta ekonomia-arloan zer egoeratan dauden: desberdintasunek Euskadiko emakumeen egoera ekonomikoan eta ongizatean zer eragin duten
Gurea bezalako gizarteetan emakume eta gizonen arteko berdintasun-alorrean aurrerapen handiak eta ukaezinak izan badira ere, egia dena da 2016an Euskadin, munduko gainerako tokietan bezala, emakumeak oraindik gizonekiko desabantaila-egoera nabarmenean daudela, lan-arloan eta arlo ekonomikoan, batez ere. Hain zuzen ere, lehenago aipatu ditugun hainbat dokumentutan egiazta daiteke soldaten arteko aldeari, kristalezko sabaiari eusten zaiola emakumeen lanbide-karreretan aurrera egiteko, eta beste pertsona batzuen zaintzan duten erantzukizunak zer eragin duen beraien ekonomia-egoeran bizitza guztian zehar. Emakumeek egiten dituzten zaintza-lanak ordainduta ez egoteaz gain, honako ondorio txarrak dakartza ere: lan-aukerak eta egoera ekonomikoa galtzea, lanbide ezegonkorragoak nagusitzea eta, azkenik, pentsioen arteko aldea izatea emakumeek dagoeneko lan-bizitza aktiboa izateko adinik ez dutenean. Emakumeen lanbide-karrerak beraien genero-egoerak baldintzatzen ditu hasieratik bukaeraraino. Gainera, ikusi da –Europako gizarte guztientzat arrunta den zerbait– aurrekoari beraien familien eta pertsona maiteen zaintza ordaindutako lanarekin bateragarri egiteko zailtasunak eransten zaizkiola, eta horrekosasunean ere eragina duela, bai eta emakumeen zoriontasun eta bizi-kalitatean ere. Emakume horiek parametro horietan ere kaltetuta daude gizonekin alderatuz, eta horrek osasunaren sistema publikoari eragiten dio.
Beharrezkoa da jabetzea emakumeen berdintasunaren alde lan egiteak gizarte guztiaren biziberritzeari eragiten diola eta ez diela soilik emakumeei mesede egiten. Etorkizuneko gizarte batentzat honek guztiak dakarren erronka askotarikoa da, baina horretarako nahitaez neurri gogorrak eta irmoak hartu behar dira desberdintasun horiek lehendabizi hauteman eta objektibatzeko eta ondoren gizon eta emakumeen soldata-berdintasuna eta lanbide-sustapena ziurtatzeko, oztopoak kentzeko bideratutako jarduera positiboen bidez, bai eta emakumeek egindako zaintza-lanaren aitortza ekonomikoa ere. Gainera, zaintzan gizon eta emakumeen erantzunkidetasunak ondorengoa ezartzen du: gurea bezalako gizarte batek, arlo publikoan nahiz pribatuan, kontziliaziorako formula malguak eta eskuzabalak orokortu behar dituela, ekoizpen-sisteman sartuko direnak justizia sozialeko behar handi horri erantzunez.
Emakumeen langabezia-tasa handiagoak, emakumeen aurkako indarkeriak jarraitzeak, pobrezia krisi-testuinguru batean feminizatzeak, emakumeak zenbait esparrutan kaltetzen dituzten estereotipoek irauteak, emakumeek justiziarako duten sarbide zailak: horrek guztiak argi eta garbi justifikatzen du botere publikoek berdintasunaren xedean ahalegin berezia egiteko exijentzia, jarduera positiboak sustatuz eta genero-ikuspegia duen mundu-ikuskera bat egitura ekonomiko eta sozial guztian txertatzea.
Emakumeen aurkako indarkeria: kasuak hautematea eta biktimak diren emakumeen jabekuntza. Ikusten ez diren emakumeen aurkako indarkeriaren beste zenbait modu
Genero-indarkeriako kasuetan egiaztatzen da, alde batetik, dauden kasuak ez direla behar adina hautematen: beharrezkoa da gure arreta-sistema emakume horiek artatzeko prestazio nahiz baliabideak bideratzeko gai izatea, eta edozein eratako indarkeria matxistaren hautemate goiztiarra azpimarratu behar da (osasun-bidea, gizarte-zerbitzuak, eskola, hezkuntza, komunitateko sareen esperientziak...). Bestalde, emakume biktimek duten babes ezaren sentsazioaren egoera ikusi dugu, eta prozesu judizialetan adierazten da bereziki, baina denboran zehar irauten du eta salaketarako beldurra sortzen, edota baliabide nahiz zerbitzuekiko mendekotasuna: beharrezkoa da kasu horiei arreta ematea, indarkeriaren aurka emakumeek defentsarako beraien eskubideak baliatzeko osatu beharreko bidean topatzen dituzten zailtasunak aztertuz, eta emakumeen jabekuntza erasoen aurka defendatzeko bitarteko eraginkor moduan (denboran jarraipena emanez) baliatuz.
Gainera, beharrezkoa da emakumeenganako beste indarkeria-modu batzuei buruzko arreta deitzea, oraindik neurri handi batean ikusezinak direnak gizartearen gehiengoarentzat, sexu-ustiapeneko helburuak dituzten emakume nahiz haurren salerosketa esate baterako; hari erakunde honek, Emakunderekin batera, hausnarketarako jardunaldi bat eskaini dio, eta alor horretara Euskadin etorkizunean egin beharreko lan baterako jarraibide eta orientazio interesgarriak ekarri ditu. Halaber, haur eta emakumeen eskubideen beste urraketa larri batzuk ezin ditugu ahaztu, emakumeen genitalen mutilazioa edo behartutako ezkontzak adibidez, gure inguruneko kultur anitzeko gizarteetan agertzen hasi direnak; eta beharrezkoa izango da biktimak prebenitzeko nahiz artatzeko irizpideekin aztertzea.
Emakumeak aisialdi, kultura eta arteko espazioetatik baztertzea
Euskadin emakumeak aisialdian (elkarte gastronomikoak), kulturan, jaietan, artean eta kirolean parte hartzeko eta ikusarazteko zailtasunek jarraitzen dute. Arlo horietan oraindik nabarmena da emakumeek ez daukatela presentziarik eta ikusgaitasunik, edo partaidetzako eta onarpeneko maila batzuetarako sarbidea mugatuta dutela, eta baita kirol-jarduera edo jai-ekitaldi batzuetarako ere (alardeak, esate baterako). Historikoki presentzia edo ikusgaitasun gutxiago izan duten arloetan emakumeen partaidetzarako eta ikusgaitasunerako bideak zabalduko dituzten jarduera positiboko neurriak herri-administrazioetarako erronka serioa da. Horren ondorioz, erakundeek ezinbestean ahaleginak egin behar dituzte genero-ikuspegiarekin jarduteko, ordezkaritza txikiago hori antzemateko eta emakumeentzako desberdintasun materialeko egoerak iraunarazten dituen gizarte-inertziari era kontzientean aurre egiteko berariazko borondatearekin. Izan ere, emakumeentzako desberdintasun horiek ezin dira onartu sexuen arteko berdintasun osoa aldarrikatzen duen sistema batean.